XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKARA BATUKO BATZORDEA

Batzorde hau zazpi aldiz bildu da 1993an zehar eta emaitza nagusia euskara batuari buruzko gomendio-proposamenak izan dira.

Gomendio- eta erabaki-proposamenak

Batzorde honek euskara baturako zenbait gomendio- eta erabaki-proposamen aztertzeari ekin dio.

Lehenik batzordeak berak prestatu ditu kasuan kasuko txostenak, proposatzeko zeuden argumentuen berri emanez.

Euskaltzaindiak gomendioak eman aurretik edo erabakiak hartu baino lehen, euskaltzain osoez gain, zenbait laguni iritzia eskatu dio.

Iritzi-emaile hauei, aldi desberdinetan, gai hauei buruzko txostena bidali zaie, beren oharrak egin ditzaten, hala baderitzaie, beti ere ezarritako epe jakinen barruan.

Batzordeak, ohargileen eta iritzi-emaileen oharrak aztertu ditu, eta horiek guztiak kontuan izanik kasuan kasuko proposamena egin dio Euskaltzaindiari, hileroko bilkuran erabakia har dezan, hala balegokio.

Hona hemen, 1993an zehar, eman diren pausoak:

- Nor nahi/nor-nahi/nornahi formei buruzko galdeketa egin da urtarrilean.

Euskaltzaindiak, 1993ko urtarrilaren 26an, galdetzaile batez eta nahi partikulaz osaturiko esapideak hitz bakar batean idatz daitezela gomendatu du: zernahi, nornahi, nolanahi, nornahai, e.a.

- Nor/nortzuk, zer/zertzuk, zein/zeintzuk formei buruzko galdeketa egin da urtarrilean.

Euskaltzaindiak, 1993ko apirilaren 30ean, zera erabaki du: batetik, nor, zer eta zein formei lehentasuna ematea eta, bestetik, erabili nahi dituenarentzat, atzizki pluralgiledun formen paradigmak zehaztea: nortzuk, zertzuk zeintzuk (abs), nortzuek, zeintzuek, zertzuek (erg), nortzuei, zertzuei, zeintzuei (dat), e.a.

-zio; -zione; -zino formei buruzko galdeketa egin zaie iritzi-emaileei azaroan.

Euskaltzaindiak, 1993ko azaroaren 27an, euskara baturako -zio aldaera hobestea erabaki du.

- Bostgarren, bosgarren, boskarren ordinalen eta bostna, bosna banatzaileen idazkeraz iritzia eskatu zaie azaroan iritzi-emaileei.